Foru Aldundiak 581.547 eurotan esleitu du Gizarte Ongizaterako Foru Erakundearen egoitzetako komunikazio sistemaren gaurkotzea

 

 

2021-11-16

Foru Gobernu Kontseiluak Gizarte Ongizaterako Foru Erakundearen zenbait egoitzatako komunikazio sistema berria kontratatzea onetsi du gaur. Sistema horrekin osatu nahi du zentroetako erabiltzaileen eta erizainen arteko deien sistema eta, oro har, komunikatzeko sistema modernizatu eta hobetzeko prozesua.

Proiektua Gotor Comunicaciones enpresari esleitu zaio 581.547 eurotan, datozen urteotan urratsez urrats hainbat foru zentrotan ezarriko den sistemaz hornitzeko, instalatzeko eta abian ipintzeko.

Hori guztia Arabako Foru Egoitzei Laguntza Integrala emateko Proiektuaren barruan sartzen da: sistema oso eta antolatua, gaur egungo foru egoitzetako baldintzak berregituratzeko, mendekotasunak dituzten pertsonek beren etxean dituzten erosotasun berdinak izan ditzaten.

Kontratazio horren bidez, erantzuna eman nahi zaie gaur egun aldundiaren zazpi egoitzatan erabiltzaileen eta erizainen arteko komunikazio sistemak hornitu, instalatu eta abian jartzeko dituzten beharrei, eta horrekin sare osoko komunikazio sistemak oro har hobetzeko lanak bukatuko dira.

Zehazki, informazioaren eta komunikazioaren teknologia berritzaile eta berrietan oinarritutako ekipamendu berriak eramango dira foru egoitzetara, eta hartara, egoiliarren eta profesionalen intimitatea eta harremanak hobetuko dira.

Oraingoan, Ajuria, Txagorritxu, Agurain, Etxebidea, Goizalde, San Antón de Armuru (Amurrio) eta San Roque (Laudio) egoitzetan ezarriko dira hobekuntza horiek. Komunikazio sistema moderno bat hornituko zaie, besteak beste honako hauez osatua: tabletak, terminalak logeletan, sakagailuak, alarma tiragailuak bainugeletan eta software programa.

Sistemak alarmen artean lehentasunak ezartzea ahalbidetzen du. Laguntza sistema sare lokalean integratuta dagoenez, monitorizazio kontsola bat egongo da erizaintza postuan, eta datuak errazago sartuko dira erabiltzaile bakoitzaren historian. Horiek dira sistemak dakartzan berritasun teknikoetako batzuk.

Laguntza integraleko proiektu hori Europar Batasuneko Next Generation EU izeneko Suspertze, Transformazio eta Erresilientzia programara aurkeztutako hiru jarduera ildoetako bat da. Hain zuzen, programa horren helburua da foru egoitzak transformatu eta egoiliarrentzat segurtasun, erakargarritasun eta bizi kalitate handiko toki bihur daitezen bultzatzea.